Podcast: Play in new window | Download
Argia astekariaren azalera ekarritako gaiari erreparatu diogu, hasteko, Estitxu Eizagirre zuzendariarekin egin dugun aurrerapenean. Carme Junyenti Miel Angel Elustondok egindako elkarrizketa da lehen planoan jarri dutena, hizkuntzalaria eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da Junyent, baita hizkuntza gutxituen aldeko borrokalaria ere. Eta hizkuntza gutxituen heriotzaz hitzaldia eskaini zuen, duela zenbait egun, Gasteizko Oihaneder euskararen etxeko Hitz adina mintzo zikloaren barnean. Horrez gain, Reyes Ilintxetak Nerea Perez Ibarrola historialariari egindako elkarrizketa ere nabarmendu du Eizagirrek, Iruñerriko langile klasearen bilakaera ikertu baitu Perez Ibarrolak. Amaitzeko, Eider Madinak astekarira ekarritako Mari Paz Arrularen hitzei egin die erreferentzia; beste 150 emakume baino gehiago bezala taberna bateko komunean grabatua izan zen Arrula, lokalaren jabeak jarritako kameren bidez.