Podcast: Play in new window | Download
Duela bi urte eman zioten hasiera Errekaleor bizirik proiektuari EHUko Gasteizko Campuseko ikasle batzuek, auzoko 26. blokea okupatuta. Okupazioak bi helburu zituen: ikasle bizitzari alternatiba eskaintzea eta Errekaleor auzoari bizitasuna ematea. Bi urtean, izugarri hazi eta garatu dute proiektua. Hasieran, hamar lagunek ekin zioten proiektua gorpuzteari, eta, egun, 100 gazte baino gehiago daude bertan bizitzen.
Hainbat espazio komun ere zabaldu dituzte: zinema, taberna, liburutegia, gaztetxea, pilotalekua, baratza eta haur-eskola, besteak beste. Komunitatean funtzionatzeko helburua ere badute, eta hainbat lantalde jarri dituzte martxan hori guztia dinamizatzeko: eztabaida politikoa sustatuko duen taldea, emakume taldea, harreman eta zaintza taldea, ekonomia komunalaz hausnartuko duena. Baina horren inguruko lekukotza zuzena jasotzeko, Gasteizko Halabedi irratira jo dugu zuzen-zuzenean, eta bertatik Igor Goikoleak elkarrizketa egin dio Jonbe Agirre Errekaleor bizirik dinamikako kideari.