Txapa irratiak 30 urte bete ditu. 262800 ordu. 15768000 minutu. Erraz zenbatzen dira, baina bada marka. 1984 hartan Bergaran komunikazioa beste era batean ulertzen zuen gazte talde bat bildu zenetik asko aldatu dira gauzak, asko aldatu gara gu geu ere. Baina nolabait hasi baginen, hori kalea hartzen, uhinak okupatzen izan zen. 30 urte hauetan kontakizun askoren ahotsa izan gara, orain gurea errepasatu eta ospatzeko garaia heldu da. Urtemuga ganoraz ospatzeko, ikasturte osoan izango baditugu ere ekintzak, udazkenean fokalizatu ditugu gehienak.
Azaroaren 1ean Fly shit eta Estricalla taldeen kontzertua izan dugu Bergarako gaztetxean.Kontzertuan aurretik eginiko elkarrizketa eta bertan eskeinitako kontzertua daukazue entzungai.
Fly Shit
Bergaran 1996 urtean sorturiko hardcore banda da Fly Shit. Musika bide luze bezain oparoa egin du taldeak, bidean, diskoak eta zuzenekoak pilatuz. “Barneko ahotsaren bila” diska berria aurkeztuko digute txapa jaiean.
Estricalla
Estricalla (hondamena aragoieraz) musika taldea da. Euskal Herria, Aragoi eta Kantabriako kideek osatua da. Hardcore punk estiloa jorratzen dute. Taldea 2009an jaio zen Torrelavegan (Kantabria), El Corazon del Sapo-Kuraia eta Kloakao taldeetan ibilitako kideek osatu zuten. Beren diskoetako kantetan euskara eta espainieraz kantatzen dute erdi bana. Berriki hirugarren diskoa kaleratu dute ‘Tripe Asalto Mortal’ izenpean.