Irratiok elkarlanean III. jardunaldiak

2

EUSKAL HERRIAN BADA ZER ENTZUN
Irratiok elkarlanean III. jardunaldiak

arrosa2014kartela-txiki



Euskal Herriko hogei irrati baino gehiago biltzen dituen Arrosa sareak, azken urteetako ohiturari eutsiz, “ Euskal Herrian bada zer entzun” lelopean, irration topagune izan nahi duten jardunaldiak antolatu ditu aurten ere. Bergaran eta Zarautzen ospatuko genituen lehen bi edizioak eta hirugarrena, Gernikan izanen da, martxoaren 29an, Astran. Gernikan zergatik? Astratik irrati berri bat sortzeko asmotan zebiltzala adierazi zigutelako eta aurtengo jardunaldiak bertan ospatzea proiektu hori gauzatzeko azken bultzada izatea aurreikusten genuelako. Pozgarria da, Euskal Herrian tokiko komunikabideen esparrua handitzen ari dela ikustea. Eta baliabide gutxirekin bada ere, tokian tokiko komunikazio proiektuak, amets izatetik, errealitate izatera pasatzen ari direla baieztatzeak erronka eta aukera berrien aurrean kokatzen gaitu. Azken urteotan asko baitira adibideak: “Kontrako eztarrixe” Azkoitian, “Irati irratia” Nafarroa iparraldean, “Radixu” Ondarrun, “97 irratia” Bilbon eta uhinetara bidean diren beste hainbeste egitasmo herri eta eskualde ezberdinetan.

Gaur gaurkoz, Euskal Herriko herrialde ezberdinetako 25 irrati gara Arrosa sarea osatzen dugunak. Bakoitzak bere izaera du, nor bere ezaugarri propioekin ari da  lanean, baina gure irratietan euskararen presentzia sustatzea eta areagotzea da elkarlanean daramatzagun azken 14 urteotako egiteko nagusia. Gertuko komunikazioa elikatzea helburu duten irratiak ere bagara aldi berean, herritarren ekimenez sortuak eta herritarren parte hartzeari esker aurrera darraigunak. Komunikatzeko eskubidea guztiona dela sinetsi eta praktikara eramaten dugu gure egunerokoan. Ulertzen dugulako, eskubide hori ezin dela interes pribatu zehatzei erantzuten dioten enpresa eta instituzioen esku utzi bakarrik.

Arrosa sarearen egiteko nagusia, esan bezala, euskarazko irratsaioen elkartrukea izan da beti. Horrela, Zarautzen ekoitziriko irratsaio bat Iruñean entzutea posible den moduan, Hendaian ekoizten den bat Bilbon entzun dezakegu egun. Irratsaio horien artean denetariko gaiak aurki ditzakegu; musika, historia, bidaiak, feminismoa, literatura, internazionalismoa…
Urte luzeetako elkartruke eta harreman horren emaitza dugu, halaber, Arrosa sareko hiru irratiren artean (Antxeta, Info7 eta Hala Bedi) ekoizten den Zebrabidea magazina ere. Astelehenetik ostiralera gaurkotasuna lantzen duen bi orduko magazina (16etatik 18etara entzun daitekeena sareko hainbat irratitan). Irrati txiki gehienon programazioan fikzioa litzatekeen zerbait, elkarlanari esker ez balitz.

Jardunaldien egitarauari dagokionez, irratiari dagozkion kontu praktikoen inguruko tailerrak izango dira nagusi goizean zehar: erredakzio tailerra, irrati bat hutsetik nola sortu, estudioko mahainaren erabilera, sare sozialak, ahozkotasuna, hizkuntza sexistaren inguruko gogoeta, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera ezberdinak irratirako nola baliatu…

Arratsalderako, aldiz, hitzaldi bat antolatu dugu : “Euskal Herriko komunikabideak erronka berrien aurrean“. Bertan izanen dira; Josu Amezaga soziologoa eta EHUko irakaslea, Topatu.info gazte atariko kide den Iraitz Salegi, Aiaraldea.com proiektuko Aitor Aspuru eta Tokikom-eko zuzendari izendatu berri duten Urko Aristi. Mahainguru parte hartzailea izatea nahiko genuke, gaur eguneko egoeraren inguruan hausnartu eta aurrera begirako aukeren aurrean gogoeta egiteko denon artean.

Gaueko 22etan, eta eguna behar bezala bukatzeko, Nunguayazz taldearen kontzertua eta irratsaio ezberdinetako kideak DJ lanetan edukiko ditugu.

Jardunaldiak irratiaren munduarekiko kuriositatea duen orori daude zabalduak, eta ez soilik egun irrati kide direnei. Denak izanen dira ongi etorriak baina batez ere, aurten, irrati bat sortu nahian dabiltzanei luzatu nahi diegu dei berezi bat. Parte hartzea debaldekoa izango da.

Izena emateko arrosa.sarea@gmail.com helbidera idatzi eta informazio gehiago lortzeko www.arrosasarea.org.

Hurrengo podcasta

Eskuliburu Ilustratua #6 Pribatutasuna

ar. Mar 25 , 2014
Giltzarrapoa eta mundua