Orojaleak

Oro jaten dugu, oro da jateko modukoa hemen. Irautea da gure lana, dagoena dagoen moduan mantentzeko ahaleginean jarraitzea etsi gabe. Hausturak desoreka dakarrelako eta  desorekak beldurra. Oro da bere horretan jateko modukoa, ezer ez da gordinegi sumatzen hortz artean, ahokada batez irentsi dezakegu mundua nahi izanez gero. Ingurukoaz elikatzen gara eta ingurukoen bazka bihurtzen gaitu horrek aldi berean. Lasai bizitzeko euste puntu bat baino ez dugu behar, gure miseriak entzungo dituen norbait, kalean guardasola zabaldu eta zer moduz joan zaigun eguna galdetuko digun baten bat. Oro jaten dugu. Ezer ez zaigu gordinegia irizten. Mastekatzeko denbora apur bat, ahokada bakoitzeko lau edo bost aldiz xehetu dena agin artean, tinpanoetan barrena zabalagoa den espazioan erabili bueltaka, behar den bezala digeritu dezan barrukoak kanpokoak eskaintzen diona. Zikloak ere bere tenpoak ditu mundualdiaren baitan, une batez oreka galtzea izan daiteke non gauden jakiteko modu bakarra, erorita ere itzuliko gaitu munduak bere onera.

Oro da jateko modukoa hemen. Ez dugu zeri erreparatu gure kontzientzien estutasunean. Jendeak beldurrez begiratzen dio jendeari. Ez da gose kontua, ez da egarri garelako ere. Oro jaten dugu. Haragi zati txikiak geratzen dira arratoientzat bazterretan. Hezurrak memoria osatzeko koartadak dira orojaleen bazkan.

Hurrengo podcasta

Euskal Herria Zuzenean jaialdia 3 Kortxean

ol. Eka 22 , 2012

Podcast gehiago