Irati Irratia

Irati-irratia_logo
Frekuentzia: 107.7 eta 107.5 FM
Eremua: Aezkoa, Erroibar, Orreaga, Luzaide eta Agoitz
Helbidea: Santa Maria, 18. 31671 Aribe (Nafarroa)
Webgunea: www.iratiirratia.eus
E-Posta: info@iratiirratia.eus
Tfnoa: (0034) 948 764 484

Irati Irratia, Nafarroa Garaiko ekialdeko honako eskualde eta herri hauetan entzuten da: Aezkoa, Erroibar,Luzaide, Orreaga eta Auritz 107.7 sintonian, Agoitzen 107.5ean eta on-line ere.

Erliebeari dagokionez, zonalde malkartsua da, hemen dago Euskal Herriko herririk altuena (1.000) metro inguru dituen Abaurregaina herria, eta herriak oso txikiak izateaz gain oso sakabanaturik daude. Guztira, gutxi gora-behera, 3,000 biztanle bizi dira zonalde zabal honetan. Gainera, populazioa oso zaharkitua dago, besteak beste sozio-ekonomikoki eta politikoki baztertua izan delako nahita. Batipat, abeltzantza, nekazaritza eta turismoari esker bizi da jendea. Baina, Iratiko Oihana eta Orreaga edo Ibañeta bezalako leku garrantzitsu eta ederrak daude zonalde honetan.

Irati Irratia 1993. urtean sortu zen, eskualdeko hainbat auzolagunei esker. Bi helburu zituen proiektuak, batetik euskara bultzatu eta bestetik hain urrun eta hain gertu bizi den jendeari bertako informazioa eskaintzea. Hasiera batean, Garraldatik (Aezkoa bailara) emititzen zen eta ondoren Aribe (Aezkoa bailara) herritik, Aezkoako Bailarako Etxetik emititzen hasi ziren. Irati Elkarteak gestionatzen zuen eta orain ere gestionatzen du irratia. Irati Elkartea 100 kide inguruk osatzen dute, lehen aipaturiko herri eta eskualdeetako herritarrek. Hauek, lehen eta orain, kuota bat ordaintzen dute. Aezkoako Batzarre Nagusiak diruz laguntzen zuen eta tarteka-marteka baita Erroibarko Udalak eta Aurizberriko kontzejuak ere. Bestalde, Nafar Gobernuak ere diruz laguntzen zuen eta Euskal Herrian oso ohikoak diren pegatina, gau-pasa eta kamixetei esker irratiko langileei ordaintzen zitzaien.

Irati Irratian beti izan dira soldatapeko langileak. Gaur egun, langile bat dago, lanaldi erdiko kontratuarekin. Egunero, 3 orduko emisio ofiziala zegoen, baina baita laguntzaile askok eginiko beste hainbat saio ere. Emisio ofizialean ere, hainbat kolaboratzaile zeuden eta horiei esker irrati duin bat aireratzen zen.

Bestalde, iragarkietatik ere diru sarrera bat izan zuen urte horietan. Hala ere, 2002. urtean irratia itxi zen, besteak beste, diru laguntzen murrizketengatik eta baita arazo teknikoengatik ere.

2009ko abenduan berriro martxan jarri zen irratia. Ordura arte emititzeko legezko emisiorik ez zegoen baina 2009an lizentzia lortu zuen Aezkoako Batzarre Nagusiak. Gainera, Aezkoako Batzarre Nagusiak proiektua diruz laguntzeko prest zegoen eta Irati Elkartea berpiztu zen. Bestalde, Euskarabideak emisioa zabaltzeko diru-laguntza eman zuen, eta Erroibar,Luzaide, Auritz eta Orreagako Udalak diruz laguntzeko konpromezua hartu zuten. Ez ordea, etorkizuneko mantenu gastuetarako. Agoitzen 2012.eko uztailetik entzungai daukagu 107.5 FM frekuentzian.