Frekuentzia: Donostia aldean 99.2; Tolosaldean 97.7; Bergaran 107.0; Arrasaten 106.1; Urola Erdian 107.7; Durangaldean 100.7; Otxandion 90.4; Iruñean 106.7; Gasteizen 103.8; Bilbon 102.3 eta Goierrin 106.7.
Eremua: Euskal Herria
Helbidea: AZTIBEGIA elkartea 8 ZA Martinzaharenia, 64122-Urruña.
Webgunea: https://info7.naiz.eus
E-Posta: harremanak@info7.eus
Tfnoa: 943 319 381
Info7 2006an sorturiko irratia da. Proiektuaren ezaugarrien artean irekia, Euskal Herria aintzat hartzen duena eta Euskal Herri osorako izatea da. Ekarpena egin nahi du Euskal Herriko irratigintzan dagoen aniztasun eza gainditu ahal izateko. Espainiako eta Frantziako hedabideen nagusitasunaren ikusita, euskal identitatearen alde aritzen da. Munduan zehar gertatzen dena ere Euskal Herriaren ikuspuntutik lantzen du.
Aztibegia elkarteak sustatutako irrati egitasmoa herritarren eta herri sektoreen babesarekin bilakatu da errealitate. Hasieratik, teknologia berriek eskeintzen zituzten aukerak aprobetxatu eta Internet bidez zabaltzen du seinalea irratiak, baina Euskal Herriko txoko guztietara FM bidez, modu legal eta normalizatu batean, iristea da haren nahia. Hori errealitate izan dadin, egin beharreko urrats guztiak egin ditu eta egingo ditu erakundeen aurrean.
Dena den, Euskal Herriko hiriburuetan eta herri batzuetan FM bidez entzun daiteke jada, zenbait herritarren iniziatiba dela eta. Oraingoz: Donostia aldean 99.2; Tolosaldean 97.7; Bergaran 107.0; Arrasaten 106.1; Urola Erdian 107.7; Durangaldean 100.7; Otxandion 90.4; Iruñean 106.7; Gasteizen 103.8; Bilbon 102.3 eta Goierrin 106.0.
Proiektuak herri oinarria eta borondatezko laguntza ditu benetako zutoin, baina eguneroko jarduna komunikazio arloko profesional talde baten esku dago. Langile talde horren eta irratia egiten borondatez parte hartzen duen laguntzaile sare zabalaren ekinez osatzen da irratiaren programazioa, Info7 entzun eta egin egiten baita.
Irabazi asmorik gabeko komunikabide-egitasmo gisa, komunikatzeko bideak eskaini nahi dizkio herri mugimenduari. Euskararen alde, euskal kultura sustatzen, jendarteko arazoak bideratu nahian ari diren norbanako nahiz eragileen zerbitzura dauzka irratiak bere azpiegiturak. Komunikazio soziala eta zuzena ditu helburu.
Irrati nazionala da. Euskal Herrian gertatzen dena jakinarazi eta horren irakurketa egiten du. Munduan zehar gertatzen dena ere Euskal Herriaren ikuspuntutik lantzen du. Irrati informatzailea da. Informazio zerbitzu zabalak eta kolaborazioak izango dira programazioaren ardatza, Guztia Albiste irrati formula eredu; musika tarteetan kronika eta kolaborazio ezberdin eta anitzak sartuko ditu. Hiru hizkuntzetan ari da: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Hizkuntza nagusia, ordea, euskara du; bi erdarak batera adina gutxienez.
Info7 Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideekin elkarlana bultzatzen ari da. Indarrak batu eta lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea du helburuetako bat. Proiektu bakoitzaren izaera errespetatuz, euskal eremu komunikatiboa sendotzeko beharrezkotzat jotzen du elkarlana. Besteak beste, Arrosa irrati taldeko kide da.